berria.info

 

Asteartea, 2017ko otsailak 28a.

 

ZUZENDARIARI

 

Xakearen mundutik Olatz Gonzalez Abrisketari

 

Xakean dagoen emakume eta gizonen arteko bereizketaren eztabaidan zuzenean sartu gabe (hainbeste urte xakearen munduan egon ostean oraindik ez baitut iritzirik, ezta emakume xakelariei eurei askotan galdetu ostean ere), zure artikuluan planteatzen dituzun zalantza teknikoei buruz eman nahi dizut azalpena.

Xakearen alderdi teknikoak azalpenak eman ez dituela diozu, «bikoteak hautatzeko sistemak sailkapen orokorrei nola eragiten dien ez dakigula oraindik» jartzen duzularik. Gutxieneko ikerketa eta Interneteko bilaketa bat egitea nahikoa zatekeen hori nola den jakiteko. Zure zutabekide Ainhoa Azurmendik gainetik aipatzen du Jon Tornerren bloga eta han nik utzitako emaitza. Interneten, nire blogean ere utzi dut idatzia «bikoteak hautatzeko sistema» hori nolakoa den, eta orain era erraz baten azaltzen saiatuko naiz:

1. Ez da «zozketa» bat, zuk diozun bezala. Sistema suitzarra deritzona erabiltzen da, Nazioarteko Federazioak araututa eta homologatutako hainbat programa informatikok inplementatzen dutena, besteak beste, Gibraltarren erabili denak.

2. Sistemak puntuazio bera (eta ezin bada bera izan, bertsua dutenak), elkarren aurka parekatzen ditu, txandaz txanda aurrekoan jokatutako kolorea txandakatuz (ahal bada).

3. Araudia zehatza da (FIDEren eskuliburuaren C.04 atalean dago azalduta), eta aspalditik erabiltzen da xakean, baita beste kirol edo joko batzuetan ere.

4. Zure artikulutik nik ondorioztatu dudana da xakearen munduak duela honen errua azalpenik eman ez duelako. Nik eman ditut azalpenak, eta garbiak dira: Ez dago Hou Yifanen aurkako azpijokorik. Besteek azalpenik eman ez badute, agian azalpenik behar ez duen gai bat delako da: Xakearen munduan garbi asko dago sistema horrek nola funtzionatzen duen eta ez dituela jokalari batzuk nahita gaizki tratatzen. Agian, gaiaren inguruan iritzia ematen dutenen lana da lehendabizi gaiaz informazioa lortzea. Nik publikoki emandako argibideak hemen dituzue: http://www.argia.eus/blogak/jon-torner/2017/02/07/xakea-emakumerik-onenak-planto-egin-du-gizonen-aurka-lehiatu-nahi-duelako/#comment-6676

 

Mikel Larreategi Arana. Xakeko nazioarteko epailea eta Xakeko Nazioarteko Federazioaren Parekaketa Sistema eta Programen Batzordeko kidea.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/5001854/018/003/2017-02-28/xakearen_mundutik_olatz_gonzalez_abrisketari.htm